Tresna-barrara saltatu

Itsas-maila 1,8 metro igo daiteke, mende hau amaitu baino lehen

BERRIEMAILEA: MARKEL AZPIAZU GAMINDE

Britania, Danimarka eta Txinako zientzialari-talde batek “berotze globala” deitutakoaren ondorio zehatz bat azpimarratu dute: itsas-maila gehiegi igotzea, guk uste baino lehen. Environment Research Letters aldizkariak argitaratu duen moduan, kasurik txarrenean ozeanoen maila 1,8 metro igoko da mende hau amaitu baino lehen.

Igoera horren arrazoi nagusia da, Antartida eta Groenlandiako gune izoztu handiak urtu egitea, baina ez hori bakarrik: horrez gain, akuiferoak ere gehiegi ustiatzen ari dira, eta horrek suposatzen du ezin dela filtratu ur gehiago lurraren azpian.

Baina zer da itsas-maila igotzea ekarriko duen “berotze global” hori? Ba lurreko atmosfera eta ozeanoen tenperatura igotzea. Berotze- eta hozte-globalaren ziklo naturalak egoten dira, baina gaur egun, lurra berotzearen ziklo naturala modu arriskutsuan handitu da, gizakien ekintzen ondorioz: berotegi-efektua, deforestazioa, neurri gabeko hirigintza…  Gogorrena berotegi-efektua da, horretan gizakiak berotegi-gasak isurtzen ditu atmosferara (konbustiblea erretzean, zabortegiek sortutako metanoa, ongarriak…), eta horiek dakarte eguzkiaren argia eta berotasuna lurraren azalera heltzen direnean, bertan islatu eta atmosferatik espaziora berriro itzuli beharrean, atmosferan bertan geratzen direla eta, ondorioz, tenperatura igotzen dela.

Hala ere, zientzialari horiek diñote normalena izango dela itsas-maila 80 zentimetro baino gehiago ez igotzea, eta 2 metrotara heltzea ia ezinezkoa dela, baina prozesuak jarraituko duela 2.100 urtetik aurrera.

Ni apur bat ikaratu egin naiz berri hau irakurtzean, bertan aipatutako aurreikuspenik txarrena betetzen bada, 86 urte barru, hau da, guk 99 urte ditugunean, itota hilko garelako (edo gu adin horretara heltzen ez bagara, gure seme-alabak). Beraz, nire ustez oso garrantzitsua da berotze globala saihesteko neurriak hartzea ahalik eta arinen, berotegi-gas gutxiago isurtzea, adibidez.

mar-congelado-mar_congelado-3582

Jatorrizko artikulua

5 comments

Skip to comment form

    • Nikola Arluzea on 2015-01-20 at 19:52
    • Reply

    1.-Nik berri hau aukeratu dut interesgarria iruditzen zaidalako, ni nagusia naizenean itsas maila asko igo egingo delako, eta Mungiako jendea baino ikaratuago, bakio tsasoaren alboan dagoelako.
    2.-Nik ondo ulertu egin dut berri hau. Baina ez dut bereziki ondo ulertu zure berriaren bigarren paragrafoan idatzi egin duzuna.
    Bai ulertzen dut hasieran ezaten duzun hori, hau da Antartidako eta Groenlandiako gune batzuk izoztu egiten hari direla. Baina ez dut oso ondo ulertu emen esaten duzuna, “akuiferoak ere gehiegi ustiatzen ari dira, eta horrek suposatzen du ezin dela filtratu ur gehiago lurraren azpian”.

    • gorka san nikolas on 2015-01-22 at 16:41
    • Reply

    Nik berri hau aukeratu dut oso interesgarria iruditu zaidalako eta bakarrik izenburua irakurtzean interesa sartu zait buruan zeren esan duzunez, urte batzuk pasatzen direnean itsas mailak gora egingo du eta jendeak euren etxebizitzak galdu ahal dituzte ura haien etxeen gainetik geratu ahal delako.
    Ulertzeko erraza da eta nire ustez jende askori interesatuko zaio gure bizitza arriskuan jarriko delako.
    Zuk esan duzu ito egingo dela jendea, baina urak munduko lur eremu guztia hartu ahalko du?

  1. Euria egiten duen bakoitzean, uraren zati bat lur gainetik joaten da eta beste zati bat lurpean sartzen da, beti ere baldin eta lurzoruaren gaineko geruza iragazkorra bada. Ur horiek geruza iragazkaitz batekin topo egiten dutenean, pilatu egiten dira eta akuifero bat sortzen da, lurpeko ur-erreserba garrantzitsuak osatuz.

    Gizakiak ura behar duenean, akuifero horiek ustiatzen ditu, bertarainoko putzuak eginez. Ustiaketa hori, ordea, askotan, arazo bihurtzen da, ez delako batere erraza akuiferoak kudeatzea: batetik, gehiegi ustiatzeko arriskua dagoelako eta, bestetik, oso sentikorrak direlako kutsadurarekiko eta, behin kutsatuz gero, oso zaila delako akuiferoak araztea.

    Nire berrian aipatzen den arazoa lehenengoa da, hau da, akuiferoak gehiegi ustiatzea. Gaur egun gero eta gehiago jotzen dugu akuiferoetara nekazaritza, industria eta bestelako premiei aurre egiteko. Horrela jarraituz gero, akuiferoak behin betiko lehortu ahal dira eta lurra guztiz iragazkaitz bihurtu ahal da. Hori gertatzen bada, lurrak ez du ur gehiago filtratuko, eta itsas-maila igoko da.

    Hori saihesteko irtenbidea izan daiteke ura modu jasangarrian ustiatzea, hau da, behar dena eta behar den bezala erabiliz.

    Orain ulertu duzu?

    • Libe Vallejo on 2015-01-22 at 21:51
    • Reply

    1.- Berri hau aukeratu dut azaltzen duen arazoa beldurtuta utzi nauelako. Arazo handia izan arren harrigarriena da gure esku daudela arazo hau konpontzeko irtenbideak eta orokorrean ez dugula ezer egiten hori galarazteko.

    2.- Ondo ulertu dut idatzi duzun berria baina galdera zehatz bat egin nahi dizut berrian kontatzen duzuna gertatuko balitz. Kasu txarrenean 1,8 m igotzen bada ozeano maila planeta osoan planetaren zein lur eremuak geratuko ziren ur azpian eta zeintzuk ozeano mailaren gainean? Hau da lurralde eta hiriren bat ur gainean geratuko zen eta gizaki batzuk bizirik iraungo zuten edo ezagutzen ditugun hiri eta lurralde guztiak ur azpian geratuko ziren eta denak hilko ginateke.

  2. Gorka eta Libe, antzeko galdera egin didazuenez, hau da, ur-igoera noraino hedatuko den, eta zein lur-eremu hartuko dituen, uste dut erantzun honek biontzat balio duela:

    Nire berrian komentatzen dena etorkizuneko aurreikuspena da, eta horren ondorioz, gaurtik ezin daiteke zehatz-mehatz jakin zelako eboluzioa eukiko duen ur-igoera horrek. Adituek gutxi gorabeherako kalkuluak egin ahal dituzte mareografoak, sateliteak eta mapa topografikoak erabilita, baina nik irakurri dudanaren arabera, oraindik ez dute guztiz zehaztu zein lur-eremu hartuko dituen ur-igoerak. Hala ere, logikaren arabera, suposatzen dut kostaldeko lur-eremuek dutela arrisku gehien, eta ur-igoerak ukituko diren lehenengoak izango direla.
    Edozein kasutan ere, pixka bat lasaitzeko hau esango dizuet: zuen galdera ikusita, gehiago irakurri dut, eta beste berri batzuen arabera 1,8 metroko igoeraren aurreikuspena gehiegizkoa da. Adibidez, San Franciscon Iparrameriketako Geofisika-Elkarteak egin duen bileran datu hori zalantzan jarri da. Igoera ez omen da horren handia izango eta 0,3 eta 0,7. metro bitartekoa izango omen da. Alabaina, 30 cm-ko igoera ez da txantxetakoa izango. Izan ere mundu osoko kostaldearen forma eraldatuko da (hemen informazio gehiago ikus dezakezue. http://zientzia.eus/artikuluak/itsas-mailak-gora-baina)
    Hurbilago joanda, 2100. urterako Bizkaian eta Gipuzkoan itsasoaren maila 29 eta 49 cm. artean igoko dela iragarri du AZTI-Tecnaliak. Horren ondorioz, adibidez, Gipuzkoako hondartzen hedadura, %40 murrizteko arriskua dago, eta ibaiak itsasoratzen diren eremuetan ere aldaketak eragingo ditu, bereziki hirietatik gertu dauden kasuetan (informazio gehiago. http://www.berria.eus/paperekoa/1506/012/001/2011-09-20/itsasoaren_maila_ia_metro_erdi_igoko_da_euskal_kostan_mende_honetan.htm).

    Beraz, antza denez, hasierako berria pixka bat “alarmista” zen, eta momentuz, ez da inor itoko, ez lur-eremurik ur azpian geratuko. Hala ere, nire ustez ondo dago halako berriak pixka bat exageratzea, jendea ikaratzeko, pilak jartzeko, eta ondorio horiek saihesteko neurriak hartzen hasteko!!! Gainera, hasierako berriak esaten duenez “prozesuak jarraituko du 2.100 urtetik aurrera”, eta horrela jarraituz gero, ez dakigu zer gertatuko den XXV. mendean adibidez…
    Balio dizue erantzun honek bioi?

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.