“KAUSALITATE GENETIKOAREN ESANAHIA” TITULUDUN TESTUAREN AZALPENA

Munduan egon daitezkeen gai korapilatsuen aurrean funtsezko jarrera sendo bat hartzerako orduan informazioa guztiz beharrezkoa da. Gai baten inguruan dugun iritzia asko alda daiteke gai horren inguruan dugun aurrezagutzaren arabera. Egia da ere, gero eta gaiaren inguruko ezagutza handiagoa izan, gero eta zailagoa dela zientzietako galdera korapilatsuen aurrean erantzun egoki bat topatzen, ia beti topatuko dituzulako bai aldeko argudioak bai aurkako argudioak. Eta ez dut uste soilik zientzietan gertatzen denik.

Esate baterako, biomedikuntza arloan, terapia genikoak ekar dezakeen aurrerapena ulergarria da. Indibiduo jakin batzuk proteina jakin bat ekoizteko beharrezkoa den genearen gabezia izatekotan, terapia genikoaren bidez lan hori burutuko duten gene funtzionalak zeluletan txerta daitezke. Era berean, indibiduo jakin batzuk ondorio kaltegarridun proteina akasdunak sortzen dituzten geneak izatekotan, proteina horren sorrera inhibituko duten geneak zeluletan txerta daitezke. Bi kasuetan, bai genearen gabeziak bai proteina akasdunaren sorrerak, gaixotasunak eragin ditzake eta terapia genikoak gaixotasun horiei aurre egiteko baliabideak eskaini ditzake. Gaixotasun horiek terminalak izatekotan, nire ustez, arlo honetan heriotza saihesteko zientziak eskaini ditzakeen aurrerapen guztiak gatazka sozial eta etiko guztien gainetik daude.

Gaur egun aholkularitza genetikoa, genetikoki jakinarazitako ingurumen-manipulazioa eta terapia genikoa bera, medikuntzan izan ditzaketen aplikazioetan esklusiboki zentratzen dira. Hala ere, hor dago hain zuzen ere gatazka sozial eta etikoen oinarria. Zientziak fenotipo gaixo bat fenotipo osasuntsu batean bilakatzeko hainbat teknika multzoz hornitu dezake gizartea, baina posiblea litzateke fenotipo osasuntsu normal bat hobetzea, hau da, normala baino hobea bilakatzea? Zertarako? Ez al da nahikoa gaixotasuna saihestearekin? Zertarako haratago joan?

Nire aburuz, giza espezieak ez du mugarik eta beti duena baino askoz gehiago lortu nahi du. Kasu honetan, beharrezkoa al da muga hori gainditzea? Ez al da nahikoa heriotza sorraraz dezakeen gaixotasun horrekin akabatzea? Ala horrelako ikerketak kolokan jarri behar al ditugu gure gailentasun ego hori elikatzen jarraitzeagatik?

Nire kasuan, terapia genikoak bezalako teknika multzoek azaleratzen dituzten gai konplexuen aurrean dudan jarrera argi daukat eta “kausalitate genetikoaren esanahia” tituludun testuak nire jarrera sendotu besterik ez du egiten.

Adibide gisa, klonazio terapeutikoa erabiliko dut. Klonazio terapeutikoan, ugaltze-klonazioan ez bezala, enbrioiak ez dira garatzen indibiduo oso bat osatzeko, baizik eta behar diren ehunak osatzeko. Gerora, ehun edo organo klonatu hauek, gaixoaren organo, ehun edo zelula kaltetuak ordezkatzeko erabiliko dira, hau da, transplanteari buruz ari gara. Enbrioi-zelulen klonazioak, arazo praktikoak izateaz gain, arazo etikoa ere eragiten du, prozesuan giza enbrioiak deuseztatzen direlako. Zenbaitek uste dute enbrioia berez jada gizakia dela, eta horregatik, beste edozein pertsonak duen lege-babesa merezi duela. Muga etiko horren gainetik ez al dago gaixoaren bizitza salbatzearen etekina? Hori zientziak eta ikerketak lor dezake eta zer esanik ez, administrazio publikoak ere bai, gero eta diru-laguntza gehiago ikerketara bideratuko balu.

Azken honek mugimendu eugenesikoa ere sustatu dezake, hau da, banakoak ezaugarri genetikoen arabera hautatzea bultza dezake. Gene bakoitzak zein ezaugarri kodetzen duen aurkituz gero, zientzialari jakin batzuek gurasoengandik seme-alabetara zeintzuk geneen transmisioa kontrolatu behar den jakitea baimentzen du. Baina honen funtsa medikuntza-aplikazioa ez bada, zertarako? Ezaugarri “normalak” hobetzeko soilik?

Ezagutza zientifikoak edozein zientzia-gairen aurrean indibiduo bakoitzak izan dezakeen iritzi pertsonala sendoagoa izatea eragiten du. Gero, ezagutza horretatik datozen hainbat ideia edo aurkikuntza berriren aplikazioak, arazo etiko, sozial edo instituzionalak eragin ditzake, baina aplikazio horiek gizartea osatzen duten biztanleriaren ongizatea bermatzeko badira, aplikazioa bera arazoen gainetik legoke. Hala ere, honek sorraraz dezakeen eztabaida eta hausnarketa onuragarria da, betiere erabakiak gizartearen partaideek hartuz gero, batez ere arlo horietan inplikaturiko ordezkariak bozeramaile gisa jokatuz.

Laburbilduz, genetikariek orain arte giza aldakortasun genetikoa aztertu dute, baina hemendik aurrera aldakortasun genetiko hori aldatzeko gaitasunaren jabe izango dira. Utzi diezaiegun adituei lan egiten.

 

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.