Tresna-barrara saltatu

ZIENTZIAREKIKO NIRE HASIERAKO JARRERA

Betidanik zientziarengan sinestu izan dut. Zientziak dioena hainbat ikerketaren osteko prozesua dela deritzot. Are gehiago, ikerketa horiek burutu baino lehen, ikertzailea gai konkretu horren inguruko aurrezagutzen bilduma oparo baten jabe izan behar da. Aurrezagutza horiek guztiak ikerketa horretan erabiliko ditu, bai behatzen duenaren inguruko hipotesi bat proposatzeko, baita hipotesi hori egiazkoa den ziurtatzeko datuak aztertzerako orduan ere. Horrela ez izatekotan, lastoz eraikitako etxe baten antzekoa litzateke emaitza, hau da, hauskorra, biguna eta eskasa.

Halaber, irakaslea naizen heinean, nire ikasleei zientziaren sendotasun hori transmititzen saiatzen naiz. Ikasleek zientziaren oinarria den metodo zientifikoa ulertaraztea da nire helburu nagusia eta urteak igaro ahala, gaiaren inguruko haien aurrezagutzak bikoiztu ala hirukoiztu egiten direnez, zientziarekin lotura estua duen edozein gairen aurrean ezagutza multzo horren aplikazioa sustatzea da nire xedea. Nire aburuz, hor dago koxka, hori da zailena.

Nola egin dezakete hori zientzialariek? Zer nolako gaitasunen jabe dira behatutako horretatik zentzuzko enuntziatu berriak eraikitzeko?

Zientzialarienganako miresmena dudala esan daiteke. Haien bizitzan zehar eskuratutako ezagutza, behatzen duten horretan ikaragarrizko trebeziaz aplikatzean ondorioztatutakoaren balioa da zur eta lur uzten nauena. Alegia, ezagutza, ondorio jakin batzuetara heltzeko, aplikatzeak duen zailtasunak harrituta uzten nau. Nire ustez, hori da hain zuzen ere zailena eta hor dago zientzialarien eta zientziak duen balio erantsia.

Horretaz gain, zientziak duen eboluzionatzeko gaitasuna ere oso aipagarria da. Historian zehar argi eta garbi egiaztatu den bezala, zientzialariek plazaratzen dituzten teoriak moldagarriak dira, hots, bai zientzialariek behatzen dituzten gertaeren azalpenak bai ezagutza bera, berrikusi eta beste modu batera berregin daiteke, aurretik egiazkotzat jotakoa zuzenduz.

Bestalde, zientziaren erabilera oso arriskutsua ere izan daiteke, zientzian erabilitako metodo eta teknika multzoak eta izaki bizidunak erabiliz lorturiko produktuak noren eskuetara iristen diren kontuan harturik. Hori dela eta, balizko erabilera desegoki horrek, nolabaiteko beldurra eta mesfidantza ere sorrarazten dit.

Zoritxarrez, interes ekonomiko, politiko eta sozial konplexuek baldintzatzen dute garapen zientifikoa. Zientziaren erabilera okerrak, bidegabekeria sozialak, giza manipulazio eta bazterkeria, diskriminazioa eta monopolio ekonomikoa ekar ditzake. Hala eta guztiz ere, betiere zientziarekiko dudan jarrera baikor eta fiadagarria mantenduz, nik zientziaren aldeko apustua egiten dut!

 

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.