C.P. SNOW-EK ETA J. BROCKMAN-EK AURKEZTUTAKO HIRUGARREN KULTURAREN KARAKTERIZAZIOA ETA KONPARAKETA

1959. urtean C.P. Snow-ek bi kulturak deituriko liburua argitaratu zuen. Batetik, letretako intelektualak zeuden, eta bestetik, zientzietakoak, baina Snow lehenengoak intelektual terminoaren jabe egin zirela ohartarazi zen. Zoritxarrez, zientzietakoek ez zuten jakin haien lanaren garrantzia defendatzen. Egia da zientzialari askok liburuak idazten zituztela, baina intelektualtzat euren burua izendatutakoek, ez zituzten aintzat  hartzen. Egunkari eta aldizkari nagusiek ez zuten zientziarengan uste osoa, eta hori dela eta, liburu horietan aurkeztutako ideien garrantzia eta balioa jarduera intelektual gisa, ikusezina zen.

4 urte beranduago, Snow-ek liburu berberaren bigarren edizioa argitaratu zuen. Bertan kultura berri bat aditzera eman zuen, hirugarren kultura. Snow-ek, kultura berri honen azaleratzeak, letretako intelektualen eta zientzialarien arteko komunikazio hutsunea beteko zuela uste zuen. Hirugarren kultura berri horretan, letretako intelektualak eta zientzietakoak elkar ulertzera ailegatuko zirela zirudien. Hirugarren kultura berri honen agerpenera arte, Snow-en ustez, zientzia aplikatuen logika ez zegoen pertsona jantzien eskura, ez behintzat lengoaiaren logika zegoen bezala. Bere ustez, hau aldatzeak hirugarren kulturaren agerpena abiaraziko luke. Bere aburuz, hor dago koxka, hau da, arrakasta pertsona jantzienak bai arte bai zientzia arloetan heztean datza.

Tamalez, J. Brockman-ek, Snow-ek iragarritakoa bete ez dela dio. Zientzialarien eta letretako intelektualen arteko komunikazioa ez da eman. Honen ordez, zientzialariek publikoarekin ez zuten komunikazio zuzena hobetu dute. Hau dela eta, liburu zientifikoen argitaratzeek azkenaldian arrakasta ezin hobea izan dute. Zientzialari hauek ez dira betiko zientzialariak, hots, euren ikuspegia era jakin batean zabaldu duten zientzialariak dira. Zientzialari hauentzat garrantzitsuena euren ikusle, entzule edo irakurleekin izango duten nolabaiteko elkarrizketa da. Hau da hain zuzen ere letretakoek ikusten ez dutena.

Letretako intelektualek zientzialarien arrakasta harriduraz jaso dute. Hala ere, zientzia ulertzeko saiakera egin gabe jarraitzen dute temati eta zientziak ez duela inolako garrantziarik aldarrikatzen dute. 

Brockman-ek deskribatutakoa, zientzialari batzuk idazle gisa jarduteko duten gaitasunari esker gertatu da. Beste arlo batzuetako kideentzat idazterako orduan, zientzialari hauek erabilitako lengoaiak, euren espezialitateak duen berariazko jargoia saihesten du. Hori dela eta, idatzitakoa edozeinek uler dezake. Zientzialari hauek zientzia, kontakizun batean bilakatu dute, letretakoek ez bezala. Intelektual berri hauek badakite haien eginkizunetako bat komunikazioa dela. Intelektual hauek haien belaunaldiaren pentsaera modelatzeko gai dira. Hirugarren kultura honetako pentsalariak intelektual publiko berriak dira. 

Brockman-ek hirugarren kulturak zientzialari eta pentsalari hauek biltzen dituela eta haien literatura ekoizpenari esker, intelektual klasikoak ordezten dituztela dio. Iparmerikar intelektualen eszenatokian, intelektual tradizionalak gero eta baztertuagoak daude. Gaur egungo pentsalari batentzat, duela hainbat urteko hezkuntza estilo berbera ekipaje gisa izatea ez da nahikoa. Era berean, iparamerikar intelektual tradizional hauek, gure garaiko lorpen intelektual esanguratsuen aurrean, ezjakin hutsak dira eta are gehiago, ezjakinak izateaz harro daude.

Brockman-en ustez, antzinako letretako intelektualek lekukoa edo testigua zientzietako intelektual berriei pasa diete. Brockman-en aburuz, hirugarren kultura honen gauzatzeak, planetako biztanle guztien bizitzan eragina izango du. Zientziak badu bere garrantzia eta jendearen bizitza kualitatiboki aldatzen du.  Deskribatutako hirugarren kultura hau filosofia natural berri bat da, eboluzioak eta konplexutasunak duen garrantziaren ulermenean eraikitakoa eta munduaren ikuspegi berri batean oinarritutakoa. Mundua ez da estatikoa ezta betiko kontu bat ere, mundua denbora igaro ahala aldatzen da.

 

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.