KULTURA ZIENTIFIKOAREN EREDU EDO IKUSPEGI DESBERDINEN IDENTIFIKAZIOA ETA KARAKTERIZAZIOA

Marila Lázaroren tesiaren beste zati bat irakurri ostean, kultura zientifikoak ikuspegi anitz izan ditzakeela argi geratzen da. Hori dela eta, batzuetan kultura zientifiko terminoa erabili beharrean, honako terminologia hau ere erabiltzen da: alfabetatze zientifikoa, pertzepzio soziala, jabetze soziala edo ulermen publikoa. Hala ere, termino horiek euren artean diferentzia erraldoiak dituzte. Beraz, oraingo honetan, kultura zientifiko termino hori argitzen saiatu eta horretan zentratuko gara. 

Orain dela gutxi arte, kultura zientifikoa, jendeak ideia eta kontzeptu zientifikoen inguruan dakiena edo ulertzen duena zela pentsatu izan da. Alfabetatze zientifiko terminoarekin lotu izan ohi dute. Kultura zientifikoaren ikuspegi tradizionala edo klasikoa da. Ikuspegi honek zientzia eta teknologia, balioen eta testuinguru sozialaren esparrutik bereizten ditu eta zientzia egiaren esparrutzat irudikatzen du. Eredu honetan, zientzia eta teknologiaren ulermena eta gizartearen artean ez dago inolako loturarik. Ikuspegi hau aintzat hartuz, badirudi zientzia gizartearekiko modu independente batean garatzen dela eta gizarteak zientziaren onurak linealki jasotzen dituela. Era berean, gizarteak eduki kognitibo garrantzitsuenak adituengandik jasotzen ditu. Kultura zientifikoaren eredu honetan, zientzialariak adituak dira eta hiritarrek, gai horietan jantziak ez diren erakunde pasibo bat osatzen dute. Ikuspegi guztiz lineala da, eduki kognitiboen transferentzia zientzialariengandik hiritarrengana izanik, hau da, noranzko bakarrekoa.

Hala ere, askok, zientzia eta teknologiaren inguruan izan dezakegun ezagutza hori haratago doala diote. Zientziak gizartean izan ditzakeen inpaktuez jabetuz gero, zientzia eta teknologiaren dimentsio sozialean aurrera egin genezakeela diote. Beraz, zientzia eta teknologiaren inguruan ulermen handiagoa eska daiteke eta ez soilik herritar xumeei, baita erabakiak hartzen dituzten arduradunei, estatuko funtzionarioei, politikariei eta zientzia eta teknologia komunitatea osatzen dutenei ere.

Gaur egun, aldiz, kultura zientifikoa prozesu aktibotzat jotzen da, bi noranzkoko izaera duena, hau da, zientzia eta gizartearen arteko komunikazioa bi noranzkokoa da. Testuinguru berri baten aurrean gaude, kultura zientifiko kontzeptu dinamikoago baten aurrean. Kultura zientifikoaren ikuspegi honetan, dimentsio kognitiboaz gain, sozialki plazaratzen diren konfiantza eta portaerek ere oso paper garrantzitsua dute. Kultura zientifikoaren ikuspegi honetan, tokian tokiko prozesuei eta ezagutza testuinguru jakin batean kokatzeari garrantzia handiagoa eskaintzen zaio. Kultura zientifiko fenomenoaren ulermena edo hiritarrek duten zientziaren ulermena testuinguru jakin batean ikertzea beharrezkoa da, portaera eta uste osoaren prestakuntzan enfasi berezia jarriz.

Aipaturiko testuinguru berri honetan, zientziak ez du zertan egiaren lorpena bermatu, prozesu zientifikoaren kalitatea bere baitan baizik. Kasu honetan, zientziak hiritarren parte-hartzea sustatzen du. Zientziaren ikuspegi hau aintzat hartuz, kultura zientifikoari buruz hitz egiterakoan, gizarteak zientzia eta teknologiaren inguruko elkarrizketa eta parte-hartze eremuak eta jardunak nola indartzen eta suspertzen dituen kontuan hartu beharko litzateke. Horregatik, kultura zientifikoaren testuinguru berri hau jabetze soziala terminoarekin lotzen da.

Testuinguru berri honek kultura zientifiko kontzeptuaren zabaltzea dakar. Zientziaren ulermenari buruzko bai jarrera kritikoak bai jarrera praktikoak (zientzia eta teknologiaren erabilera eta jabetzea egunerokotasunean) eskatzen ditu. Zientzia eta teknologiarekin zerikusia duten gaien inguruko erabakietan esku-hartzeko eta inplikatzeko eskubidea eta abagunea ahalbidetzen ditu. Esku-hartze horrek ikaskuntza soziala dakar. Horretarako, zientzialariek eta komunitate zientifikoak euren burua zientzia, teknologia eta gizarte konplexuaren baitan bistaratu behar dute. Zientzia komunikatzeko beste era bat, eredu lineala atzean utziko duena, hots, biztanleriaren bizitzaren kalitatea eta ongizatea, kultura orokorraren sendotzea eta gizartearen onurarako zientzia eta teknologiaren probetxua bultzatuko dituena. Gobernuak ere zeresana du kultura zientifikoaren ikuspegi berri honetan. Gobernuak zientzia eta teknologia sistemarenganako babesa eman beharko luke.

Kultura zientifikoaren ikuspegi dinamikoago honek komunitate zientifikoa eta bertako irakasleak, zientzia eta teknologia ikertzen duten erakundeak eta zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko bitartekaritza lana burutzen dutenak (komunikatzaileak, kazetari zientifikoak eta zientzia eta teknologia arloko dibulgatzaileak) tartean sartu behar ditu. Zientzialariak hiritarrengana hurbildu behar dira, haien ezagutza eta hobekuntzak eskuragarri jarriz. Honek zientzia eta teknologia eta gizartearen arteko gerturatzea erraztuko du, ezagutzara heltzeko sarbidea eta tokian tokiko ezagutzaren balorizazioa bermatuz.

 

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.