PAPEREAN ETA ONLINE FORMATUAN DAUDEN ALBISTEEN ANALISIA ETA DATU-BILKETA

Berria egunkaria hautatu dut, zehatz-mehatz abenduaren 13ko, igandeko, zenbakia. Berriaren kasuan, paperean eta online formatuan argitaratzen dena alderatuko dut, hau da, irakurleek kontsumitzen dutena eta sare sozialen bidez Berriak zabaltzen duena eta zein modutara zabaltzen duen aztertuko dut.

 

 

Berria egunkariaren lehen orrialdean, COVID 19aren krisia dela eta, Amazonek negozioa hedatu duenaren albistea da nagusi. “Merkatuko erraldoiaren garroak” izenburupean albistea Berria egunkariaren lehen orrialdean ageri da.

 

 

 

Online argitalpenera joz gero, bertan albiste nagusia ere berbera da, baina kasu honetan “Irribarreak haserrea ekarri du” izenburupean. Albiste nagusiaren azpialdean, Amazonen negozio igoera honekin zerikusia duten hainbat albisteren izenburuak ageri dira, merkatari txikiengan Amazonek duen eragina, Amazonen aurrean ager daitezkeen alternatibak eta Amazonen itzala goraipatuz.

 

Bai paperean bai online formatuan mezua berbera da, hots, bizi dugun krisialdi garai honetan Amazonen negozioak nabarmen egin duela gora. Online formatukoan Amazon kutxa famatu horietako batean, Amazonen logoari buelta emanez, aurpegi haserre bat antzeman daiteke, albiste nagusiaren izenburuarekin bat datorrena. Papereko irudiari erreparatuz gero, aldiz, Amazon kutxa famatu horietako batetik hainbat garro hedatzen direla ikus daiteke, Amazonen negozioaren hedapenaren seinale gisa. Kasu honetan ere, irudiak albiste nagusiaren izenburuarekin lotura hertsia du.

Berria egunkarian, paperean, zientziarekin lotutako honako albiste hauek topatu ditut:

  • Aipatuko dudan zientziarekin lotutako lehenengo berria, ez da berez albiste bat, egunkariko iragarki bat baizik. Bertan Donostiako Eureka! Zientzia Museoan gabonetako udalekuak antolatuko direla adierazten da eta udaleku horietan parte hartzeko izen-emate epea zabalik dagoela ere aipatzen da. 12. orrialdean ageri da eta Euskal Herria Harian deituriko atalari dagokio. Albiste bat izan ez arren, zientziaren difusioa sustatzen duen iragarki bat da.

 

  •  “Positiboek koska bat gora egin dute Hego Euskal Herrian: beste 734 kasu”. 17. orrialdean ageri da eta Euskal Herria Harian deituriko atalari dagokio. Albisteak, Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan zenbat kasu berri erregistratu diren jasotzen du eta aurreko eguneko datuekin erkatzen ditu. Ospitaleratzeak ere aintzat hartzen ditu. Ezin da berri zientifikotzat jo, baina albistearen irudian laborategi batean langile batek antigeno proba batean duen parte-hartzea ageri da. Irudiak zientziarekin zerikusia duenez, albistea zerrenda honetan sartzea erabaki dut.

 

 

 

  •  “Sugeen loaldiak ezin izan du Tesla gelditu”. 20. orrialdean ageri da eta Ekonomia deituriko atalari dagokio, hain zuzen ere atal horretan dagoen Bakarrizketa azpiatalari dagokio. Albiste honek Alemanian gertatutako ingurumena eta enpresa handien interesen arteko betiko lehia horietako bat plazaratzen du.

 

 

 

 

  • “NBEk klima larrialdia ezartzeko eskatu die mundu osoko buruzagiei”. 21. orrialdean ageri da eta Mundua deituriko atalari dagokio. Albisteak klima aldaketa mundu mailan, erregai fosilen gehiegizko erabilera eta energia berriztagarrien erabileraren  ustapena ditu hizpide. Nahiz eta egunkariko lehenengo orrialdean ez izan albiste nagusia, lehenengo orrialde horretan agertzen den albiste bat da.

 

Online edizioan, zientziarekin lotutako albiste hauek topatu ditut:

  • “NBEk klima larrialdia ezartzeko eskatu die mundu osoko buruzagiei”. Mundua deituriko atalean kokatua dago.
  • “Sugeen loaldiak ezin izan du Tesla gelditu”. Ekonomia deituriko atalean kokatua dago.
  • “Positiboek koska bat gora egin dute Hego Euskal Herrian: beste 734 kasu”. Gizartea deituriko atalean kokatua dago.
  • “557 kasu gehiago Hego Euskal Herrian”. Gizartea deituriko atalean kokatua dago.

Azken bi albisteen izenburuek positibo kopuruari dagokionez, datu kontrajarriak ematen dituzte.

  • “Goenaga jogurtak, erabat naturalak”. Nabarmenduak deituriko atalean kokatua dago. Pasteurizazioa aipatzen duenez, zientziari lotutako albistetzat jo dut.
  • “2030. urterako isurketak %55eraino murriztea adostu du EBk”. Mundua deituriko atalean kokatua dago.

  • Berria TB deituriko atalean, zientziarekin lotura estua duten hainbat berri topatu ditut:
    • “Esako urtegia apurtuz gero Zangozan gertatuko liratekeena simulatu dute”.
    • “Koronabirusaren gakoak. Berrinfekzioa”.
    • “Areciboko teleskopioa amildu zen unea”.
    • “Koronabirusaren gakoak. Txertoaren errezeloa?”.

Igandeko albisterik irakurrienen atalera joz gero, hauek dira 8 irakurrienak:

  1. “Euskal Herriko Amazon bat sortzea izan daiteke alternatiba bat”.
  2. “Den-dena ez da txarra Amazonen”.
  3. “Irribarreak haserrea ekarri du”.
  4. “Pandemia honek euskararentzat gauza onak ekarri ditzakeela uste dut.”
  5. “Tabernak”.
  6. “Bi proposamen”.
  7. “Neure buruarekiko arroztasun bat sortu du nigan”.
  8. “Zaintzaren zamak”.

Zientziarekin lotutako albisterik ez da ageri irakurrienen artean. Lehenengo hiru albiste irakurrienak bai paperean bai online formatuan lehenengo orrialdean ageri den albiste nagusiarekin lotuta daude. Are gehiago, online formatuan 3 albiste horiek dira Berria web orrialdea irekitzerakoan agertzen diren lehenengo 3 albisteak. 7. albiste irakurriena ere egunkariaren lehenengo orrialdean ageri da, nahiz eta ez izan albiste nagusia. Beraz, 8 albiste irakurrienetatik 4 paperean lehenengo orrialdean azaltzen dira.

Sare sozialei dagokienez, Berria egunkariaren twitterra arakatu dut. Bai paperean bai online formatuan ageri den albiste nagusia twitterreko erabiltzaileekin partekatua izan da.

Paperekoan agertzen den albiste nagusiaren bi txio topa daitezke. Beno, hobe esanda txio bat eta txio horren ber-txio bat, Berriaren Twitterreko kontu ofizialak egindakoa. Bi txio horietan paperekoan agertzen den lehenengo orrialdearen irudia azaltzen da. Txio horien testuan paperekoan ageri diren 5 tituluetatik 3 ageri dira, horien artean albiste nagusiaren titulua agertzen delarik. Bi txio horietan azaltzen den hashtag-a #lehena hitza da, abenduaren 13ko lehenengo orrialdean ageri dena dela adieraziz.

Albiste nagusiarekin lotutako beste bi albiste ere ageri dira beste bi txiotan. Batean, online formatuan ageri den albiste nagusia dago. Bertako testuan, albistean dagoen titulua agertu beharrean (“Irribarreak haserrea ekarri du”), hauxe da agertzen dena: “Eguberri egunean Euskal herriko etxeetan zabalduko diren oparietako zenbatek izango dute irribarre baten ikurra kartoizko kutxaren alde banatan?”. Testu hori izateaz gain, txio horrek badu albiste horretara ailegatzeko beharrezkoa den esteka, irudi gisa txertatua. Bestean, gai nagusiarekin lotutako albiste bat dago. Kasu honetan ere txioak duen titulua ez da paperean agertzen den albisteak duen tituluaren berdina (“Den-dena ez da txarra Amazonen”). Hauxe da hemen ageri den testua: “Amazonek irribarre gutxi eragin ditu merkatari txikiengan azkenaldian, eta elkarren arteko harremanak ez du, itxuran, helmuga onik. Badira, halere, plataformari aurpegi txarra jartzen ez dioten saltokiak ere.” Txio honek ere albiste honetara ailegatzeko beharrezkoa den esteka irudi gisa txertatua du, albistearen egilearen twitter kontua izateaz gain.

Berriaren twitterreko kontu ofizialean bi txiok soilik dute zerikusia zientziarekin. Lehenengo txioaren testuak hauxe dio: “Asteburuarekin batera, behera egin du Hego Euskal Herrian atzemandako COVID-19 kasu berri kopuruak. 557 baieztatu dituzte.”. Testuak ez du online formatuan ageri den albisteak duen titulu berbera (“557 kasu gehiago Hego Euskal Herrian”). Txio honetan ere online formatuan dagoen albistera iristeko esteka, irudi gisa txertatu dute.Beste txioan, bai paperean bai online formatuan agertu den albistea dago. Txio honetan testuak hau dio: “Parisko Akordiotik bost urte bete berritan, klima larrialdiari buruzko goi bilera egin zuten atzo NBE Nazio Batuen Erakundeko estatu kideek, Londresek, Parisek eta nazioarteko erakundeak berak bultzatuta.”. Bai paperean bai online formatuan albistearen tituluak hauxe dio: “NBEk klima larrialdia ezartzeko eskatu die mundu osoko buruzagiei”. Txio honetan, aurreko hiru txioetan bezala, albiste digitalera ailegatzeko esteka irudi gisa txertatuta dago eta horrez gain, albistearen egilearen twitter kontua ere txioaren testuan eskuragarri dago.

 Nire ustez, zientzia gutxi agertzen da komunikabideetan eta hori da gainera, lan hau egiterakoan baieztatu dudana. Albiste batzuk zientziaren ukitu txiki bat besterik ez dute, albiste gutxik zientzia-gaien konplexutasunean edo sakontasunean murgiltzen direlarik.

Zientzia eta gizartearen arteko lotura sustatzea helburua bada eta era berean, herritarren parte-hartze aktiboa bultzatu nahi izanez gero, nire aburuz, hedabideek beste era batera plazaratu beharko lituzkete zientziaz bustiriko albisteak. Era erakargarriago batean egiteak ere lagundu luke, titulu edo izenburu xarmagarriago batzuk erabiliz. Ez dugu ahaztu behar sare sozialen helburua difusioa eta informazioa komunitate bereko erabiltzaileekin partekatzea dela, hau da, zientzia komunikatzeko eta eskuragarri izateko tresna ezin egokiagoa da. Ez dirudi albiste zientifikoekin lortzen denik.

Sare sozialen indar hori ez da nabari albiste zientifikoak elkarbanatzerako orduan. Sare sozialek jenderarengana mezuak helarazteko duten indar horren erabilera egokia ez da nabari, albiste zientifikoak aintzat hartzerakoan behintzat. Nahiz eta atal batzuetan, Berria TB atalean adibidez, zientziaren presentzia egokia izan.

Idatzizko komunikabideetan aztertutakoa gizartera estrapolatuz gero, kultura zientifiko kontzeptu dinamikoago horren lorpena urrun irudikatzen dut.

 

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.