TESTU-IRUZKINA

Marila Lázaroren tesiaren zati bat irakurri ostean, orokorrean alfabetatze zientifikoa kultura zientifikoaren areagotzea bada, alfabetatze horrek zientziarekiko aldeko jarreraren areagotzea dakarrela esango nuke. Hainbat ikerketek nik esandakoa berresten dute. Zientzia eta teknologia gaien inguruan jasotako hezkuntza-maila eta gai zientifikoen inguruko interesaren arteko asoziazioa esanguratsua da. 

Lehenik eta behin alfabetatzea zer den argitu beharko genuke. Gizakiak zientziaren alor desberdinetako zer edo zer ezagutu behar du, kontu edo gai hauek bere eguneroko bizitzarengan eragina baitute. Indibiduo bakoitzak ezagutza hauek erabakiak hartzeko eta ekintzak hautatzeko erabiliko ditu.  Alfabetatzea giza-eskarmentura zientziaren gehitzean datza, hezkuntzaren eta politikaren bitartez. Beraz, indibiduo bakoitzak zientzia eta teknologiaren inguruko informazio esanguratsua ulertzeko gaitasun nahikoa (zientziaren terminologia, zientziaren historian jazotako gertaeren inguruko oinarrizko testu eta kontzeptuen ulermena, metodo zientifikoaren eta ikerketa zientifikoaren prozesuaren ulermena, zientzia eta teknologiak gizartean eta pertsonalki dituen ondorioen ulermena eta zientzia pseudozientziarengandik desberdintzeko gaitasuna) izan behar du hiritar gisa funtzionatu ahal izateko.

Hortaz, hiritarrek zientziarekiko aldeko jarrera izatekotan, honek ikerketa-enpresekiko eta zientzialariekiko tolerantziaren emendioan lagunduko luke. Bide batez, diru publikoaren jarraipena ere ziurtatuko luke. Honez gain, alfabetatze zientifikoaren areagotzeak, intelektualki suspertze handiagoa ere ekarriko luke. Gero eta zientziaren inguruko gaien ezagutza handiagoa izan, gero eta gehiago zientzia babesteko joera egongo da. Honetarako, argi dago zientzialariek zientziaren onuren difusioaren konpromisoa hartu beharko luketela. Gogoratu behar da hainbat ikerketek partaidetza aktiboa ezagutzaren jabetzearen estimulu gisa jotzen dutela. Azken honek, zientifikoki alfabetatze maila altua duten hiritarrek, ikerketa zientifikoarekiko jarrera sustatzailea izatea bai eragingo lukeela. Honela, hiritarrek berrikuntza teknologikoak era sutsuago batean jasoko lituzkete.

Hala ere, ezagutza zientifiko maila altu batek eszeptizismo maila altu bat ere ekar lezake, hau da, zientzia eta teknologiaren inguruko gaiak kolokan jartzea ere ekar lezake.

Nire aburuz, zientzia aurrerapen teknologiko gisa ulertu behar da. Zientzia eta teknologia arloen garapena eta gizartearen eta bizi-kalitatearen garapena hertsiki lotuta daude. Nire ustez, gakoa zientziaren difusioan dago. Hiritarrei zientzialariek dakitenaren, metodo zientifkoa jarraituz frogatutakoa, ehuneko txiki bat ailegatuz gero, hainbat indibiduoren kasuan zientziarekiko duten jarreran eragina izango luke.

Bestalde, zientziarekiko dagoen jarrera ezkorra eta ezjakintasuna edo kultura zientifiko eza guztiz lotzea oso gogorra dela deritzot.

Askotan zientziaren balioaren inguruko zalantzak ezezagunari diogun beldurrari dagozkio. Zalantza horiek beldur irrazional eta sinesmenen mende uzten eta jartzen gaitu. Egia da desinformazioak, ez duela zientzia eta teknologia gaien inguruan erabakien jarraipena egitea eta are gutxiago erabaki horietan parte-hartzea ahalbidetzen. Horregatik, alfabetatze-kanpainek zientzia eta teknologiaren inguruan dagoen desilusioa gutxiagotzean zentratu beharko lirateke. Bestela, hiritar batzuen kasuan, ez dute zientziarekiko duten mesfidantza gaindituko eta hori gainditu ezean, ez dute zientzia eta teknologia gaien inguruko erabakietan parte hartuko, zientzia haien gizartetik nolabait isolatuz. Beraz, alfabetatze-kanpainak erakargarriak izan behar dira, esandako guztia ekiditeko. Herritarrei hitza eman behar zaie, baina horretarako zientziaren gorputz-hizkuntza aldatu beharra dago.

Hiritar batzuek zientziarekiko aurkezten dutena ez da soilik ezagutza eza, baita jarrera ezkorra ere. Honek askotan zientzia eta teknologiaren edozein eztabaidagaien aurrean zientziak dioenaren aurkako jarrera izatea dakar. Nola alda genezake hau? Lehen aipatu dudan bezala, gakoa zientziaren difusioan dago. Difusio horren kalitatearen arabera, herritarrek bioteknologia arloko erronka etiko eta politikoen aurrean izango duten erantzuna desberdina izango da.

Beste batzuetan, zientziarekiko jarrera ezkorraren arrazoia ez da ezjakintasuna, aurkakoa baizik. Baserritarrek, adibidez, euren esparruan duten kultura eta ezagutza handia, zientzialariek aintzat hartzen ez dutela sentitzen dute askotan, eta horrek, zientzialariekiko duten mesfidantza adierazten du, politikariekiko dutenaren parekoa. Honek ulermen era desberdinen eta aditu-izate maila desberdinen artean dagoen zulo soziala agerian uzten du.

Aipatu beharra dago ere, batzuek aurkezten duten jarrera ezkor horren atzean, zientzia eta teknologiak arazo guztiak konponduko ez dituelakoaren ustea dagoela. Are gehiago, zientzia eta teknologiak gizartearengan inpaktu negatiboa, arriskua eta ziurgabetasuna dakarrela diote. Beste batzuk, aldiz, jarrera ezkor horren arrazoia komunikabideetan dagoen kontsumo urriari egozten diote. Beste batzuk, berriz, zientzia eta teknologiaren inguruan informazio gutxi dutela diote. Zientzialariek ezagutza sortzen dutela argi dute, baina ezagutza horri difusio egokirik ematen ez zaiola diote. Azken ideia honekin, hainbat alditan aipatutakora itzultzen gara, hots, difusio eza edo difusio desegokia.

Hortaz, ezagutza eta jarrera guztiz erlazionatuta daudela esango nuke. Batzuetan erlazioa zuzenki proportzionala izango da, hots, gero eta ezagutza maila altuagoa izan, zientziarekiko jarrera baikorragoa izango da, edo alderantziz, gero eta ezagutza maila baxuagoa izan, zientziarekiko jarrera ezkorragoa izango da; eta beste batzuetan, aldiz, alderantzizko proportzionala, hau da, gero eta ezagutza maila altuagoa izan, zientziarekiko jarrera ezkorragoa izango da.

Nire iritziz, kultura zientifikoaren erdiespenak indibiduoen bizitzan eragina izan behar du eta lorpen horrek jarrera eta jarraibide jakin batzuk sortu beharko lituzke kontsumitzaile, langile, osasun-zerbitzuaren erabiltzaile eta ingurugiroaren zainketaren arduradun gisa. Kultura zientifikoaren erdiespenak bizitza aberastu beharko luke eta ezagutza horiek eskuratu dituen indibiduoak zientziarekiko iritziak, jarrerak eta ekintzak eratu beharko lituzke. Azken finean, herritarra prozesuaren eragile aktiboa izan beharko litzateke. 

 

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.